XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gerra piztu ahala, soldadu joan zen.

Lehendabizi Regimiento Pirenaico deitzen zenera igorri zuten, baina laster Estatu Nagusiko itzultzaile izan zen.

1939an Parisera joan zen, eta katalan eskolak eman zituen École Pratique des Hautes Etudes delakoan.

Han zelarik, Cuyoko (Mendoza, Argentina) Unibertsitatetik deitu zuten, hizkuntza erromanikoen irakasle gisa.

Arroxelan ontzia hartu zuenean, haren visak bazuen pertsona ospetsu baten sinadura: Pablo Nerudarena, hain zuzen, garai hartan idazlea Txileko enbaxadore baitzen Parisen.

Mendozako urteak emankorrak izan ziren zinez. Lan ugarien artean ezin zuen ahantzi Pompeu Fabra maisua: haren 75. urtemugakari, omenezko liburuaren ardura hartu zuen; liburu hau 1943an agertu zen.

1945ean Chicagora aldatu zen Coromines, Filologia Erromanikoko irakasle.

Hiri hartan ekin zion Diccionario crítico etimológico de la lengua castellana erraldoia idazteari, zeinen lehen alea 1954an argitaratu baitzen.

Ez zen hori Corominesen langintza bakarra, jakina: ikertzaile bipilak hitzaldi eta txosten batzuk aurkeztu zituen biltzarretan, eta testu zaharren edizioak ondu (Juan Ruizen Libro de buen amor, besteak beste).

Orduko fruitua da orobat haren liburuxka bikaina, What you should know about Catalan language, Chicago 1950, New Yorken hurrengo urtean ospatu behar ziren Lore Jokoen karietara idatzia.

Jakintsua ez ezik, irakasle onaren lan hori katalanera itzuli zuen, eta Moll-enean argitaratu, titulu honekin: El que s'ha de saber de la llengua catalana.

Kataluniara oporraldietan joaten zen 1953an gero, eta 1967an zaharsaritu zenean sorterrian egokitu zen, etxetik higitu gabe, oso bakanka baizik.

Urteak iraganik, gaztelaniaren hiztegi gotorraren bigarren argitaraldia prestatu zuen Corominesek, José Antonio Pascual Salamancako katedradunarekin batera: Diccionario etimológico castellano e hispánico izenburuarekin, Gredos argitaletxeak sei liburukitan argitaratua (1984-1991).

Lehenbizikoa agertu aitzin, ordea, katalanaren hiztegia, aspaldiko ametsa, hasi zen plazaratzen: Diccionari etimològic i complementari de la llengua catalana, Joseph Gulsoy eta Max Cahner-en laguntzaz.

Lehen alea (A-BL) 1980an agertu zen eta 1991an bederatzigarrena (X-ZUM); eranskina eta aurkibidea prest utzi omen ditu Corominesek, baina argitarakizun daude oraindik, lerro hauek moldiztegiratzean.

Euskal hitz asko, etorkiz gureak edo mailegatuak, aurkitzen ditugu bi hiztegi miresgarriotan, Corominesek gaztelanian eta katalanean, bai eta frantses, okzitaniera, galiziera, arabiera eta abarretan ere trebeki atzemanak.

Hitz horiek, beste guztiak bezala, arima garbi eta zurienekoak, usapal bezalakoak, eta bihurri eta gaiztoenak, banan-banan aitortzen zituen Corominesek, Emilio Garcia Gómez-ek esan bezala esateko (5).